Zurezko bizitoki-eraikinen eraikuntzan mugarri berriak lortzen jarraitzen du Egoinek

  • Espainian orain arte egindako zurezko eraikinik handienaren eraikuntzan parte hartzen ari da: 5 solairu eta babes ofizialeko 85 etxebizitza izango ditu, guztira.
  • Cornellá de Llobregateko (Bartzelona) eraikin berrian 2.100 metro kubiko zur erabiliko dira eta 8.300 metro koadroko azalera Euskadiko basoetako KM0ko zurez eraikiko da.
  • AMB / IMPSOL erakundeak bultzatutako proiektua Peris-Toral Arquitectes estudioak idatzi du eta Vias Construcciones enpresak eraikiko du.

Bilbon, 2019ko urriaren 23an.- Egoin Taldea Espainian orain arte egindako zurezko bizitoki-eraikinik handienaren eraikuntzan parte hartzen ari da Cornellá de Llobregat herrian (Bartzelona): 5 solairu eta babes ofizialeko 85 etxebizitza izango ditu, guztira. Eraikin berria zurez eraikiko da oso-osorik, egitura eta fatxadetatik solairu eta habeetaraino.

Cornellá de Llobregateko eraikuntza berriko proiektu honek eta euskal taldeak Euskadin nahiz Katalunian gauzatutako izaera bertsuko gainerako proiektuek zurezko egituren eraikuntzako erreferentziatzat indartu dute Egoin, Ean (Bizkaia) egoitza duen konpainia.

Egun eraikuntza-fasean dagoen bizitoki-proiektu berria, iraunkortasun eta genero-ikuspegiari buruzko irizpideen arabera diseinatutako etxebizitza inklusiboen eraikuntza sustatzea xede duen Bartzelonako Eremu Metropolitarraren menpeko Zorua Sustatu eta Ondarea Kudeatzeko Institutu Metropolitarra (IMPSOL) deritzon erakunde publikoak bultzatu du. Proiektu honetan, Peris-Toral arkitektura-estudioak eta VIAS Construcciones eraikuntza-enpresak ere parte hartu dute.

Euskal taldeak 2.100 metro kubiko zur erabiliko ditu guztira; kontraijeztutako zura (CLT) fatxada eta solairuetarako eta ijeztutako zura habe eta zutabeetarako. Egiturako zura mihiztatzeko fase hau 2020ko udaberrirako amaitzea espero da. 2020ko urte bukaeran edo 2021aren hasieran eraikina amaituta eta egoiliarrek erabiltzeko moduan egongo da, aurreikuspenen arabera.

Cornellá de Llobregateko eraikin berriaren egitura nagusia ere material iraunkor honekin eraikiko da. Ildo horretan, nabarmendu behar da eraikitako azalerak dituen 10.000 metro koadrotik, 8.300 oso-osorik zurez egindakoak izango direla.

Horrela, eraikin berri hau Espainian orain arte zurez egindako bizitoki-eraikinik handiena izango da, Visesa Sozietate Publikoak Egoinen partaidetzaz sustatutako Hondarribiko bizitoki-eraikina (65 etxebizitza; horietatik 32 BOE eta 33 alokatzeko) baino handiagoa. Hondarribiko eraikinean 2.000 metro kubiko zur erabili ziren eta ordurarte Europako hego-mendebaldean eraikitako zurezko eraikin handiena bihurtu zen.

??Guretzat, zurarekin lan egitea estrategikoa da eraikinaren egitura industrializatzeko eta eraikuntzaren kalitatea nahiz gauzatze-epeak hobetzeko eskaintzen dizkigun aukerengatik?, adierazi du José Manuel Toral Peris-Toral arkitektura-estudioko kide eta proiektuaren arduradunak. Era berean, modu positiboan baloratu du guztiz iraunkorra den material batekin lan egiteak atmosferara egindako CO2 isurpenetan dakarren murrizketa.

Eraikineko solairuek matrize moduko banaketa izango dute, ??bereizi gabeko eta hierarkiarik gabeko gelekin?, 83 etxebizitzetan banatutako 543 espazioren bitartez, Peris-Toral estudiotik nabarmendu dutenez.

Zurezko eraikuntzaren goraldia

Egoinen pozik azaldu dira proiektu honetarako aukeratua izategatik eta zurezko eraikuntzan Espainian obra publikoen lidergopean gertatzen ari den goraldiagatik. ??Gero eta gehiago dira etxebizitzak zurez eraikitzearen alde apustu egiten duten eraikitzaile publikoak, material honek ingurumena zaintzeko nahiz espazioen erosotasun termikoa bermatzeko eta eraikuntza azkar bukatzeko eskaintzen dituen abantailengatik. Irizpide pasiboekin eraikitzearen onura garrantzitsuenetako bat da urte osoko mantenua txikiagoa izango dela; beraz, energia-kontsumoa zenbat eta baxuagoa izan, gastua ere txikiagoa izango da?, azaldu du Unai Gorroño Egoin Taldeko merkataritza-zuzendariak.

Egoinek erabili beharreko zur guztia ??KM0??koa izango da, Euskadiko basoetatik ateratakoa. ??Bereizgarri hau ere oso modu positiboan baloratu dute proiektuaren arduradunek, hurbiltasunezko produktua den aldetik?, nabarmendu dute euskal konpainiatik.

Egoinek antzeko ezaugarriak dituzten beste proiektu batzuetan parte hartu du Katalunian, eta horien artean, La Borda bizitoki-proiektua nabarmen daiteke: 25,5 metroko altuera duen eraikina, Bartzelonako Udalak lagatako lursail batean etxebizitza-kooperatiba bat kokatzeko, 28 etxebizitza eta komunitate zein auzo bizitza sustatzeko esparruak bilduko dituena.

Horrekin batera, Gironan 35 etxebizitza dituen eraikina altxatzeko garatzen ari den proiektua azpimarratu behar da, baita Muros de Nalón (Asturias) herrian Estatuko lehen Passivhaus zigilua duen bizitoki-eraikina ere, oraindik eraikuntza fasean dagoena.

Egoini buruz

Egoin Taldea, etxebizitza nahiz eraikinetarako ijeztutako eta kontraijeztutako zurezko (CLT) soluzioak ekoizten dituen Europa hegoaldeko fabrikatzaile nabarmena da. 30 urtetik gorako ibilbidea duelarik, balio-kate osoa kontrolatzen du, Ean (Bizkaia, Euskadi) duen egoitzaren ondoko basoen zaintzatik, geroko mozketa, garraio, ingeniaritza eta eraikuntza lanetaraino. Iazko ekitaldia 20 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen eta egun nazioartekotze estrategia garatzen ari da enpresaren jarduna Europako beste merkatu batzuetara hedatzeko asmoz.