Unai Agirre, Egoin Taldeko CEO berria

  • Enpresak zuzendaritzako egitura indartu du sektoreko errenferentziatzat finkatzeko eta nazioarteko merkatu berriak irekitzeko, hiru hamarkadatan zuraren arloko soluzio berritzaileak garatzen jardun ondoren.

 

  • Jon Galarza Olatek-eko Industria Kudeatzailea izango da.

 

Egoin Taldeak zuzendaritzako egitura indartu du Unai Agirre Taldeko Zuzendari Nagusi izendatu ondoren, zurezko eraikuntzaren Europa hegoaldeko erreferentzia nagusietakotzat finkatzearen aldeko apustu estrategikoari eusteko eta nazioarteko posizionamendua sendotzeko, Europa, Amerika zein Afrikako merkatu berrietara irekiz.

Egoinek 30 urte beteko ditu aurten, Gorroño familiaren eskutik abian hasi zenez geroztik, eta denbora honetan, konpainia bizkaitarrak soluzio berritzaileak garatu ditu laminatutako zura eta CLTa oinarri dituen eraikuntzaren arloan, eta iraunkortasunaren aldeko konpromisoari esker, balio erantsi sendoa mantentzen jakin du 0 KM-ko zura erabiliz eta ekoizpen-kate osoa kontrolatuz, basozaintzatik proiektuen amaierako taxuketaraino.

Unai Agirre, CEO berria

Goi-Ingeniaritza titulua lortu zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan (UPV/EHU) eta geroztik, Unai Agirrek (Mungia, 1968) Gestamp Automocion euskal multinazionalean garatu du orain arteko karrera enpresariala, erantzukizun goreneko hainbat postutan; hala nola, Abadiñoko Estampaciones Bizkaia lantegiko ekoizpen-zuzendaritza eta zuzendaritza edota Gestampen Europa Iparraldeko Zuzendaritza Nagusia.  Azken hiru urteetan, Berlinetik (Alemania) zuzendu ditu Gestampek Europa Iparralden dituen hogei bat ekoizpen-lantegiak, 9.000 langile baino gehiago tarteko.

Jon Galarza, Olatek-eko Industria Kudeatzailea

Bestalde, Jon Galarzak (Gasteiz, 1980) Industria Antolaketako Ingeniaritza ikasi zuen Mondragon Goi Eskola Politeknikoan eta bere karrera profesionalaren zati handi bat Arcelor Mittal Taldeak Bizkaiko Etxebarri herrian duen lantegian egin du, azken hamabi urteotan bertako ekoizpen-burua izan delarik. Orain, egoitza Legution (Araba) duen Olatek enpresako Industria Kudeatzailea izango da, hortik zabaltzen baita Taldearen ekoizpen eta fabrikazio guztia, zurarena, laminatutako habeena nahiz kontralaminatutako panelena.

Nazioartekotzearen aldeko apustua

Egoin errealitate sendo eta finkatua da gaur egun. Enpresaren jarduera 1989an hasi zen zurezko egitura tradizionalen ingeniaritzan eta fabrikazioan oinarrituta (familia bakarreko etxebizitzak, baserriak zaharberritzeko lanak, etab.), eta geroztik, eraikuntzarako soluzio berritzaileak garatu ditu laminatutako zuraren eta kontralaminatutako zuraren (CLT) erabileraz, merkatu berriei aurre egiteko; hala nola, hiri-inguruneetako familia anitzeko eraikuntzak eta bestelako ekipamendu eta egiturak (kiroldegiak, zubi jasogarriak, etab.)

Taldeak zurezko egituretarako 250 proiektu inguru lantzen ditu urtean, azken 5 urteotan 10 M baino gehiago inbertitu ditu ekoizpen-gaitasunetan eta I+G+b-an, eta apustu honi esker, enpresa Europa hegoaldeko erreferentzia nagusietakoa bihurtu da laminatutako nahiz kontralaminatutako zurezko egituren ingeniaritza eta fabrikazioaren arloan.

Une honetan, enpresa 2020-2024rako Plan Estrategikoa lantzen ari da, Taldearen etorkizuneko jarduna bi ildo nagusiren inguruan antolatzeko asmoz: batetik, salmentak % 20 gehitzea Espainian eta % 30 egun zabalduta dagoen Europako beste merkatu batzuetan (Ingalaterra, Frantzia eta Portugal), eta bestetik, jarduera-esparrua handitzea, Europa, Amerika zein Afrikako merkatu berrietara irekiz.

«Konpainiaren asmoen artean dago, laminatutako nahiz kontralaminatutako (CLT) zurezko egituren ingeniaritza eta fabrikazioaren arloan duen Europa hegoaldeko lidergoa finkatzea», adierazi du Unai Agirrek, erronka berriari ilusioz ekiteko asmoz.

«Egun, Ingalaterra eta Frantzia dira gure lehentasunezko merkatuak nazioartean, eta bulegoak irekitzeko asmoa dugu bi herrialde horietan. Nolanahi ere, merkatuko azterlanak egiten dihardugu, Europako beste herrialde batzuetako aukerak balioztatzeko», ziurtatu du Agirrek.