Egoinek Galiziako lehen ‘eraikin berdea’ eraikiko du
Egoinek lehen habea jarri dio Europan abiarazitako hirigintza jasangarriko proiekturik garrantzitsuenetako bati: Lugon kokatutako energia-eraginkortasun handiko ‘Impulso Verde’ deritzon udal eraikina, Espainiako lehen auzo bioklimatiko eta ekojasangarriaren hazia izango dena.
Hain zuzen ere, Lugoko Mariña eskualdetik bildutako ‘KM 0’-ko zur ijeztu eta kontralaminatuzko (CLT) soluzioak baino ez ditu erabili 677 metro koadroko azalera duen ekipamendu publiko hau eraikitzeko, energia-eraginkortasunaren nahiz jasangarritasunaren irizpideetan oinarrituta. Higiezina, Udalak LIFE Lugo + Biodinámico europar programaren babespean bultzatu eta Lugoko Diputazioa, Santiagoko Unibertsitatea eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa partaide dituen hiri-eraldaketarako estrategia zabalago baten ikur nagusia izango da.
Estrategia honetan, 1.200 etxebizitza, zenbait eraikin publiko eta merkatu bat dituen auzo ekologiko eta efizientearen sorrera ere aurreikusi da, ekonomia zirkularra sustatzeko eta Europako beste eremu batzuen birgaikuntzarako erabil daitekeen hiri-erresilientziaren eredu bihurtzeko asmoz. Energia-autosufizientzia, energia berriztagarrien erabilera eta baliabide propioen sorkuntza dira Lugoko etorkizuneko auzo hau gidatuko duten printzipioak.
Izaera ikonikoa
Estetikaren ikuspuntutik, lehen eraikina, ‘Impulso Verde’, ikonikoa izango da, eta bere geometria irregularrak berezitasun nabarmena emango dio ingeniaritzaren ikuspuntutik.
Horri gehitu behar zaizkio fatxadako bilbadurak eta estalkian dauden grid-shell izeneko sareto-egiturak, «zurezko piezen mekanizazioa zehaztasunik handienarekin egitera behartu dutenak, muntaketa-lanetan mihiztadura bikaina lortzeko», Iker Irurtia Egoineko proiektuaren arduradunak azaldu duenez.
Eraikinaren diseinuak helburu zehatza du: energia-eraginkortasunik handiena eskaintzea jasangarritasunaren nahiz egiturazko zuraren erabileraren bitartez. Horretarako, eraikina eginkizun zehatza duten hiru multzotan banatu da, betiere zura protagonista nagusitzat hartuta: iparraldeko multzoan bildu dira, zerrenda bertikal batean, komunikazioak (hau da, eskailerak eta igogailua), komunak eta egokitzapen termikorik behar ez duten bestelako eremuak. Hauek guztiek ‘koltxoi termikoaren’ efektua egiten dute kanpoaldearen eta barruko egonleku eta lan-esparruen artean.
Hegoaldeko multzoaren helburua udako zein neguko hilabeteetan izan ohi diren muturreko tenperaturak arintzea da, ‘kristaleztatutako errezel-horma bikoitza’ deritzonaren bitartez. Neguko hilabeteetan, kanpoan dagoen kristalezko gainazala eguzki-energia harrapatu eta beroa pilatzeaz arduratuko da, eta udan, egiturak itzal efektua emango du, gehiegizko beroa saihestuz eta aireztapen sekundarioa erraztuz. Azkenik, horma bikoitz horretako bi azalen artean kokatutako lorategi bertikalak tenperaturaren erregulazioa hobetzen lagunduko du
Hirugarren multzoan, aurreko bi espazioen artean kokatuta, egokitzapen termikoa behar duten instalazioak kokatuko dira, erakusketa-eremuak eta lan-esparruak barne. Ondorioz, tenperatura egokitua behar duten eremuak babestuta geldituko dira, iparraldeko ‘koltxoi termikoen’ eta hegoaldeko erregulazio termikoaren artean.
Zurezko eraikuntza energia-eraginkortasunerako
Eraikin honetan erabilitako eraikuntza-ereduak itzulkin nabarmena izango du energia-eraginkortasunari dagokionez. Zehazkiago esanda, ‘Impulso Verde’-k eraginkortasunari buruzko tasarik zorrotzenak dituzten eraikuntza berriek kontsumitutako energiaren % 54 aurreztuko du, eta aurrezkia % 74koa ere izango da ohiko bulego-eraikin batekin alderatuta. Azkenik, zuraren erabilerak % 90 murriztuko du hormigoia eta altzairua eraikuntza-osagaitzat aukeratu izanak ekarriko lituzkeen CO2 isurketak, 50 tona isuriz hormigoiak eta altzairuak isuriko lituzketen 470 tonaren aldean.
Higiezina ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinen kategorian (nZEB) katalogatuko da, ekoiztuko duen energia bertsua kontsumituko baitu, eta horrekin batera, Green Building Council España deritzon eraikuntza iraunkorraren arloko estatuko erakunde nagusiak emandako «VERDE» ziurtagiria ere izango du. Era berean, eraikinak FSC proiektuaren ziurtagiria izango du; izan ere, zurak, Galiziakoa izateaz gain, munduko basoen ustiapena ingurumenaren ikuspegitik egokia, gizartearen ikuspegitik onuragarria eta ekonomikoaren ikuspegitik bideragarria izatea sustatzen duen Forest Stewardship Council erakundearen ziurtagiria izango du, eta horrela, ‘Impulso Verde’ ziurtagiri hau duen Espainiako lehenengo eraikina izango da.
Egoini esleitutako eraikin hau 2020ko azaroan altxatzen hasi zen, 2021aren amaieran bukatzeko asmoz. Eraikinean, guztira, 270 m3 CLT zur, 45 m3 intsinis pinu ijeztu eta galiziar jatorriko 7 m3 eukalipto-zur ijeztu erabiliko dira, eta horiei esker, 280 tona CO2 gutxiago isuriko dira atmosferara.
‘Impulso Verde’ eraikina, Unai Gorroño Egoineko merkataritza-zuzendariaren esanetan, «proiektu estrategikoa da Egoinentzat, erronkari eraikuntza-enpresa esleipendun bezala ekiteko aukera eman diolako».
Obra honi esker, euskal enpresak eraikuntza-fase guztiak modu integralean lantzeko aukera izan du, «zuraren sailkapenetik eta finger joint-en taxuketatik egiturazko elementuak itsatsi eta zura mekanizatzeraino, ingeniaritza, diseinu, logistika zein muntaketa lanak barne hartuz», adierazi du Egoineko merkataritza-zuzendariak.
Lugoko Udalarentzat, Life Lugo+Biodinámico deritzon estrategia, hirigintza-eredu jasangarri berri bat maila guztietan (eraikinak, kaleak, auzoak eta hiria) bultzatzea xede duen hiri-eraldaketarako ardatzetako bat da, Europako tamaina ertaineko beste hiri batzuetan ere aplika daitekeena.
Hiri eredu honek, Lara Mendez alkatearen hitzetan, Lugo indartzea du helburu, «erresilienteagoa izan dadin larrialdi klimatikoaren aurrean, azken hau aukeratzat baliatu nahi baitugu karbonoan neutroak diren auzoak eta tokiko baliabide naturalei lotutako ekonomia berde berri bat (zura, adibidez) bultzatzeko».