Geurea familia-jatorriko enpresa da, eraikuntza sektoreari zuzendutako zurezko egitura-soluzioen diseinuan 30 urteko esperientzia egiaztatua duena.

Frogatutako esperientzia eta kaudimen profesionala eskaintzen dugu, baita ingurumenaren, jasangarritasunaren, 0 KM-ko tokiko zuraren eta ekonomia zirkularraren aldeko konpromiso irmoa ere.

Gure balio-proposamenaren osagaiak dira ingeniaritza eta diseinua, fabrikazioa eta muntaketa, eta horiei esker, konfiantza osoko partnerra gara eraikuntza-proiektuak garatzeko, estalkiak eta teilatuak birgaitzeko edota altuerako bizitegi-eraikinak, sustapen publiko eta pribatuak, familia bakarreko etxebizitzak, industria nahiz kirol erabileretarako pabilioiak eta abar gauzatzeko.

Gure nortasunaren ezaugarrietako bat da 0 KM-ko zur autoktonoaren aldeko apustua eta zuraren balio-kate osoaren integrazioa, basoen landaketa eta zaintzatik hasi eta zura eraikuntza jasangarriaren mesedeko egitura-soluzio bihurtzen duen transformazio-prozesuraino.

Gertu-gertutik sentitzen ditugu gure ingurunea, gure habitata eta inguratzen gaituen natura osoa. Kalitatearekin, profesionaltasunarekin eta lan onarekin konprometituta gaude. Gune osasungarri berriak sortu nahi ditugu, soluzio berritzaileak gehituz, balioa emateko, bizi-kalitate hobetzen laguntzeko eta mundu honetan izan edo egoteko modu berezi bat transmititzeko.

Enborraren eraztunek zuhaitzaren hazkunde edo heldutasun-zikloa iradokitzen duten bezalaxe, Egoinek guztiz dinamiko eta zorrotza den ingurunera moldatuz eta egokituz lortu du hazkundean aurrera egin eta balio-proposamena sendotzea; jarduera-arlo berrietara irekiz eta ekintza eta eraginpeko eremua handituz.

Gure jarduera joan den mendeko 90eko hamarkadaren hasieran abiatu zen Busturialdean (Bizkaia), gure ingurune geografikoan zeuden baserrietako teilatu-estalkiak zaharberritu eta eraberritzeko lanekin. Geroztik, beste esparru batzuk jorratu genituen: familia bakarreko etxebizitzen eraikuntza timber frame deritzon sistema industrializatuaren bitartez, industria zein kirol erabileretarako nabe handien eraikuntza argi handietako habe-sistemen laguntzaz, edota altuerako eraikuntza zur laminatua eta zur kontralaminatua deritzen soluzio berritzaileen bidez. Horri esker, gure marka aukera-eremu berrietara proiektatu ahal izan dugu Estatuko zein Europako merkatuetan.

2008an heldu genion enpresaren historiako gertaerarik garrantzitsuenetako bati: lantegi propioaren eraikuntza, Ean (Bizkaia), zur laminatuzko habeak eta zur kontralaminatuzko (CLT) panelak ekoizteko, betiere bizitegi zein merkataritza erabileretarako altuerako eraikuntzaren merkatuan dugun posizionamenduan jauzi kualitatiboa egiteko asmoz.

Beste gertaera aipagarri bat Holtza (Legutio, Araba) zur-enpresaren erosketa izan zen, 2013an -Olatek izena hartu zuen-, izan ere, horri esker, Europa hegoaldeko erreferentzia nagusietako bat bihurtu gara zur laminatuaren eta CLTaren ekoizpenari dagokionez.

Egoinen erabiltzen dugun zur gehiena 0 KM-ko intsinis pinua da, Ean (Bizkaia) eta Legution (Araba) dauzkagun ekoizpen-lantegien inguruko 100 kilometroko erradioaren barruan dauden basoetatik ateratakoa, baso-ustiapen jasangarriaren, ekonomia zirkularraren eta ingurumenaren aldeko apustuari eutsiz.

Apustu estrategiko hau 2008an sustatu genuen, eraikuntzaren sektorean CO2 isurpenak murrizten laguntzeko eta tokiko basoen balioa aldarrikatzeko, bereziki intsinis pinuarena eta beste espezie konifero batzuena, transformazio-prozesuak jasangarriagoak eta lehiakorragoak izan daitezen.

Erronkatzat hartu genuen kalitate-ziurtagiriak gehitzea basoen kudeaketa jasangarriari eta mozketei, baita eraikuntzan egiten den zuraren geroko erabilerari ere. Horien artekoa da PEFC (Program for Endorsement of Forest Certification) ziurtagiria, baso-kudeaketa ingurumenarentzat egokia, gizartearentzat onuragarria eta ekonomiarentzat bideragarria dela ziurtatzea xede duena. Ildo horretan, Egoinek habe laminatuei zein panel kontralaminatuei dagozkien egiturazko ziurtagiri guztiak ditu.

Ekoizpen-zikloa itxi eta % 100 made in Euskadi den bertako produktu jasangarri eta lehiakorra aurkitu genuen. Zur honek ingurumen-onura handiagoa bermatzeko aukera ematen du, izan ere, transformazio-prozesu osoan ia ez du energia fosilik behar. Horregatik, 0 KM-ko zuraren kostu energetikoa ere baxuagoa da.

Nekazaritza eta Elikagaigintzako Ikerketa eta Teknologiarako Institutu Nazionalak (Inia) 2011n, Euskadiko Zuraren Sektorearteko Mahaiaren (MIME) eskariz, intsinis pinuaren zura Espainiako zein Alemaniako arauen arabera sailkatzeko egin zuen txostenari jarraiki, lehengai honek ??oso propietate mekaniko egokiak ditu (C20) egiturak lantzeko, eta hauek bisualki arrakastaz sailka daitezke UNE 56544 arauaren bitartez, eta fidagarritasunez ebalua daitezke merkatuan dauden suntsiketarik gabeko metodoen laguntzaz?.

Eraikuntza-sektorean intsinis pinuaren balioa egiaztatzearen aldeko erabaki horrek babes osoa eman zion Euskadiko basoetan hain ugaria den zur hori erabiltzearen alde hartu genuen apustu estrategikoari, izan ere, ordura arte intsinis pinua ez zen batere estimatua eraikuntza arloko kalitateari eta sendotasunari dagokienez

Honako zur-mota hauek ere erabiltzen ditugu:

Alertzea edo laritza (Larix Kampferii)

Mendi garaietan kokatu ohi den espezie honen ezaugarriak dira kolore gorrixka, aire zabalean duen berezko iraunkortasuna eta suarekiko erreakzio bikaina (B-S1-D0).

Lawson altzifrea (Chamaecyparis Lawsoniana)

Zur argi, arin eta usaintsua duen espezie honek intsektu xilofagoen ziztaden aurkako erresistentzia handia du.

Izei gorria (Picea Abies)

Bertakoa zein kanpokoa. Asko erabiltzen da, arkitektura-proiektuetarako modu sistematizatuan gomendatuta dagoen aldetik. Europako baso-espezierik ugariena da, eta egituraren munduan gehien erabiltzen dena. Oso kolorea zuria duen zur arina, biguna eta lantzeko erraza.

Beste espezie batzuk

Douglas izeia, pinu gorria eta itsas pinua


Egoinek bi ekoizpen-lantegi ditu Euskadin, 30.000 m2-tik gorako azalerarekin.

Ean (Bizkaia) kokatuta daude enpresaren egoitza nagusia, Ingeniaritza eta I+G+b departamentua, administrazio nagusia eta merkataritza eta finantza arloa. Horiez gain, konpainiaren produktu berritzaileak garatzen dituen ekoizpen-lantegia dago, baita hainbat jarduera-ildo eta teknologiaz hornitutako zurgindegi industriala ere:

  • CLTaren fabrikazioa
  • Timber Frame panelen fabrikazioa
  • Fatxaden eta estalkien kanpoko estalduretarako profil berezien fabrikazioa
  • Habe eta panelen mekanizazioa CNCren bitartez
  • Zurgindegi industrialeko eta ebanisteriako mekanizazio bereziak
  • Lerroko akaberak eta pintatzeko kabinak

Legutioko (Araba) ekoizpen-lantegian bildu da konpainiaren ekoizpen industriala, jarduera-ildo eta teknologia hauen inguruan:

  • Enborren zerrategia
  • Oholen lehortegiak
  • Habe laminatu estandarren fabrikazioa biltegiei saltzeko
  • 40 metroko luzera ere izan dezaketen geometria desberdinetako habe laminatuen fabrikazioa
  • Habe eta panelen mekanizazioa CNCren bitartez

JASANGARRITASUNA

Jasangarritasunaren aldeko apustua Egoinen filosofia eta jarduera osoaren zeharkako ardatza da. Gure izaeraren funtsa da, enpresari sorreraz geroztik eusten dion zutabea. Jasangarritasuna ez da negozio-aukera bat, ez da merkataritza arloko lelo bat, etengabeko apustua baizik, 0 KM-ko tokiko zura, ekonomia zirkularra, ingurunea, gizartea eta herriaren etorkizuna tarteko dituen ingurumenaren aldeko konpromisoa. Egoinen, jasangarritasuna ez da negoziagarria.

Egoinek erabiltzen duen zura baso-ustiategi jasangarrietatik ateratzen da, hau da, irizpide ekologikoen arabera landu eta ustiatutako basoetatik. Gainera, baso horiek gure ingurunerik hurbilenean -0 Km- kokatuta daude, eta horrek garraioari dagozkion gastuak eta CO2 isurpenak areago murrizten laguntzen digu.

Baso Kudeaketa jasangarriaren kontzeptua (Helsinkiko Ministerioarteko Konferentzian zehaztu zen, 1993an) basoen administrazioari eta erabilerari dagokie, eta horren helburua da, orain zein etorkizunean, basoen biodibertsitatea, produktibitatea, birsortzeko gaitasuna, bizitasuna eta tokiko, estatuko nahiz mundu mailako funtzio ekologiko, ekonomiko eta sozial garrantzitsuak betetzeko gaitasuna mantentzea ditzaten, besteren gaineko kalterik eragin gabe.

Gainera, baso-kudeaketa estu-estu lotuta dago klima-aldaketaren aurkako borrokarekin, izan ere, baso gazteak karbono-hustutegi eraginkorragoak dira urteen poderioz hondatzen, usteltzen eta modu naturalean hiltzen diren basoak baino.

Bestela esanda, kontu honetan ere gaztetasuna kontuan hartzeko moduko balioa da. Zuhaitz helduak hiltzen direnean, atmosferara igortzen dute CO2 guztia, baina irizpide jasangarrien arabera moztutako zuhaitz gazteen zurak, hazkundean garatzen duten fotosintesi-prozesuari esker, CO2 hustubidea balitz bezala funtzionatzen du.

Baso-kudeaketa jasangarriak, beraz, basoek ekonomiari, ingurumenari zein gizarteari dakarzkieten onuren arteko harmonia lortzea du helburu, eta basoak kontserbatzen laguntzen duen jardunbidea da.

Interes ekonomikoek basoaren kontserbazioa errazten dute. Halakorik ez dagoenean, basoarekiko interesak behera egin, eta ingurunea hustu eta degradatzeko arriskua sortzen da.

Interes sozialari dagokionez, baso-ustiapenari esker, etorkizunerako alternatibak eskaini ahal zaizkie inguruko biztanleei, basoak zainduz eta mantenduz, kultur tradizioak errotuz edo aisialdirako eremuen sorrera erraztuz.

Ingurumenaren ikuspegitik, baso-kudeaketa jasangarriak baliabideak etengabe sortu eta kontserbatzeko aukera ematen dio naturari. Biodibertsitateari eusten eta berotegi-efektuko gasak murrizten laguntzen du, eta eragin zuzena du erregulazio hidrikoan zein lurzoruen babesean.

Basoen kudeaketa egokia eta baliabideen ustiapena dira basoak kontserbatu eta berritzeko bermerik onena. Eta horrexen emaitza da baso-azaleran gertatzen ari den etengabeko hazkundea.

Baso-ziurtapena basoetan nahiz baso-landaketetan egindako kudeaketa ebaluatzeko sistema da, eta horrez gain, baso-produktuen jarraipena egiten du transformazio-prozesu osoan, amaierako banaketaraino.

Baso-ziurtagirien hainbat sistema mota daude, den-denak boluntarioak, hainbat erakunderen nazioarteko ekimenen bitartez sortutakoak.

Hauexek dira ezagunenetako bi:

FSC (Forest Stewarship Council): ziurtagiri hau zur-enpresek, elkarte indigenek, erakunde ekologistek, baso komunalen elkarteek eta basoginek osatutako irabazi-asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakunde batek ematen du. Ziurtagiri honen bidez, zuraren jatorrizko basoaren kudeaketa iraunkorra bermatzen da, baita zuraren bilakaera eta tratamenduarena ere zaintza-katean zehar. Akreditatutako ziurtapen-erakundeak arduratzen dira Baso Enpresen (Kudeaketa Unitateak) administrazio-izapideak eta ebaluazioak egiteaz eta FSCk ezarritako baldintzak betetzen ote dituzten zehazteaz.

Erakunde horiekin harremanetan jartzeko aukera dago, FSC estandarraren eskakizunak eta gainerako informazioa eskuratzeaz gain, www.fsc-spain.org webgunean.

Zaintza-katearen ziurtagiria: FSCk ziurtatutako basoetako produktuak identifikatuta eta kate horren bitartez ziurtatuta ez dauden beste material batzuetatik bereizita ote dauden egiaztatzen du.

PEFC (Paneuropean Forest Council): sektore pribatuko enpresen eta baso-jabeen ekimenez sortutako Europako ziurtapen-sistema. Eskualde bakoitzaren ezaugarri espezifikoetara egokitutako sistema nazionalak ditu. Ziurtagiri honek, ziurtatutako enpresek UNE 162002 arauan ezarritako adierazleak betetzen ote dituzten egiaztatzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, PEFC bi erakundek osatzen dute: eskualdeko Erakunde Eskatzaileak (Basalde deritzona) eta baso-ziurtagiria sustatu duen elkarteak (PEFC Euskadi). Basaldek gure autonomia-erkidegoan eskualde-ziurtagiria eskatzea du helburu, eta jabeen nahiz lurren datu-basea kontrolatu, dokumentazioa tramitatu eta laguntza teknikoa ematen duen erakunde betearazlea da.

Zaintza-katearen ziurtagiria