Egoinek zuraren industrializazioaren aldeko apustuari eutsi dio Arabako ekoizpen-lantegi berriarekin
PRENTSA OHARRA
- 25 M?ko guztizko inbertsioa tarteko, Icoak Legution (Araba) zeukan antzinako fabrika erosi du, zur laminatu (CLT) industrializatuaren estatuko ekoizlerik handiena bihurtzeko asmoz
- Enpresak bi lantegi ditu, Ean eta Legution, eta jauzi garrantzitsua egingo du CLT zura eta zur laminatua ekoizteko gaitasunean, egungo 22.000 m3-ko ekoizpenaren ordez 52.000 m3 inguru ekoiztera iritsiz, zuzeneko 100 lanpostu inguru sortzeko aurreikuspenarekin
- Unai Agirre, Egoineko CEOa: ??Eragiketa honen bidez, urrats erabakigarria eman dugu zurezko eraikuntzaren sektorean dugun posizionamendua sendotzeko, gure prozesuen industrializazio eta digitalizazioaren alde eginez?
Egoin euskal enpresak urrats erabakigarria eman du zurezko eraikuntzaren arloan duen posizionamendua sendotu eta ekoizpen-gaitasuna handitzeko, Recticel Ibericak Legution (Araba) zeukan antzinako fabrikaren instalazioen erosketaren bidez.
25 milioi euroko guztizko inbertsioa tarteko, Egoinek eraikuntza sektorean dagoen zur laminatuaren (CLT) eskari gero eta handiagoari erantzun eta sektore honetarako CLT zur industrializatuaren estatuko ekoizlerik handiena bihurtuko da. Hori guztia, ingurumenarekiko konpromiso irmoari eta 0 KM-ko tokiko lehengaien aldeko apustuari eutsiz.
Inbertsio honi esker, halaber, ekoizpen-teknologiarik aurreratuenak sartu ahal izango ditu, zuraren aprobetxamendua, produktibitatea eta produktuen kalitatea nabarmen handituz.
Horrekin batera, orain dauzkan ekoizpen-instalazioak modernizatzeari ekingo zaio, 4.0 industriara bideratzeko, ingeniaritza zein diseinu arloetako ekipoak indartuz eta balio-kate osoari dagokion BIM (Eraikuntza arloko Informazioaren Modelaketa) digitalizazioan jauzi garrantzitsua eginez, ingeniaritzatik eta diseinutik hasi eta muntaketa sekuentziaturaino, fabrikazioa eta logistika ere barne hartuta.
Konpainiak I+G+Baren alde egin duen apustuaren barruan, lantegi berriak laborategi bat ere izango du, eta horri esker, Egoinek eraikuntza arloko soluzioen azken joeretan eta material berrietan sakontzeko aukera izango du.
Instalazioak birmoldatzeko lanak hasita daude jadanik -lehenengo makinak hiruhileko honetan instalatuko dira- eta 2022an zehar luzatuko dira. Ekoizpen-lantegi berria 2023ko lehen hiruhilekorako martxan egotea aurreikusi da.
??Eragiketa honen bidez, urrats erabakigarria eman dugu zurezko eraikuntzaren sektorean dugun posizionamendua sendotzeko, gure prozesuen industrializazio eta digitalizazioaren alde eginez, baina gure esentzia eta jasangarritasunarekiko konpromisoa baztertu gabe?, adierazi du Unai Agirre Egoineko CEOak.
Agirreren iritziz, lantegi berriari eta industrializazio eta digitalizazio proiektuari esker, ??nazioarteko merkatu berrietan sartzeko gai izango gara, ingeniaritza, ekoizpena eta muntaketa jasangarritasunarekin uztartzen dituen proposamen baten bitartez?.
Produktibitatea areagotzea
Proiektuaren helburua bikoitza da: alde batetik, produktibitatea areagotzea eta, bestetik, Egoinen lehiakortasuna handitzea altuerako eraikinen zurezko eraikuntza tarteko duten arloetan: bizitegiak, hotelak, retaila, ospitaleak, ikastetxeak, baita kultura eta kirol arloetako ekipamendu publikoak ere, besteak beste.
Egun, taldeak 32.000 m2-ko azalera produktiboa du, bi lantegiren artean banatuta: Egoin Natxitua, Ean (Bizkaia), 15.000 m2-koa, eta Egoin Goiain, Legution (Araba), 17.000 m2-koa. Era berean, 22.000 m3-ko ekoizpen-gaitasuna du guztira; horietatik 14.000 m3 CLT zuraren teknologiari dagozkio, eta 8.000 m3 zur laminatuari.
Unai Agirrek azaldu duenez, 60.000 m2-ko guztizko azalera (30.000 m2 ekoizpen-instalazioei dagozkie) duen lantegi berriaren erosketari esker, ??jauzi kuantitatiboa egin ahal izango dugu, hainbat teknologiatan dugun ekoizpen-gaitasuna bikoiztuz eta areago: egun bi lantegietan dugun 22.000 m3-ko urteko ekoizpenetik 52.000 m3 inguru ekoiztera?.
Ildo horretan, Egoineko CEOak urteko fakturazioaren igoera nabarmena ere aurreikusi du lantegi berriaren erosketaren ondoren. “Bi urte inguruko epean, enpresaren fakturazioaren igoera ere bikoiztuko dela uste dugu; 21 milioi euroko egungo fakturaziotik 2025ean 40 milioi euro fakturatzera igaroz?, zehaztu du.
Era berean, hedapen-prozesua arrakastaz gauzatu ahal izateko, Egoinen egoitza berrirako 100 lanpostu inguru sortu beharko dira, gerora euskal taldearen giza-taldean integratzeko asmoz. “Zehazkiago esanda, egun Egoinen gauden 135 langileen ordez, luze gabe 235 langile inguru izango gara”, azpimarratu du Agirrek.
Inbertsio-proiektuari ekiteko, egoitza soziala Ean (Bizkaia) duen Egoin Taldeak zenbait finantza-erakunde eta tokiko erakunderen laguntza izango du, hala nola Seed Capital Bizkaia, Luzaro, Finantzen Euskal Institutua, Elkargi eta Hazilur, industria-proiektu garrantzitsu honen aldeko apustuari eutsiz.
Eraikuntza zurez jantzi da
Zurezko eraikuntzaren sektorea urrezko garaian murgiduta dago egun, batez ere etxebizitza berriak material honetan eraikitzeari dagokionez, eta azken urteotan hazkunde azkarra izan du maila globalean. Nafarroako Zuraren Enpresaburuen Elkarteak (ADEMAN) emandako datuen arabera, eskandinaviar herrialdeetan zurezko eraikuntza etxebizitza berrien merkatuaren % 98 da; Alemanian % 40, Erresuma Batuan % 25, eta Kanadan eta AEBetan % 80. Espainian, orain arte, etxebizitza berrien % 2 baino ez dira zurez eraiki, eta honek egundoko aukera dakarkio eraikuntza sektoreari.
Ildo horretan, Egoinek 2007an CLTan espezializatutako Europa hegoaldeko lehen lantegia ireki zuenetik ??merkatu honetan Europa erdialdeko enpresak ziren nagusi ordura arte??, 0 KM-ko tokiko zurez egindako egitura-eraikuntzaren estatu-mailako erreferente bihurtu da.
REBUILD 2021 azokan parte hartzea
Irailaren 21etik 23ra bitartean, Egoinek REBUILD 2021 eraikuntza-azokaren edizio berrian parte hartuko du, eta bertan, konpainiaren plan estrategiko berria aurkeztuko du, bi ardatzetan oinarrituta: Legutioko lantegi berriaren erosketa, eraikuntzarako CLT zur industrializatuaren estatu mailako ekoizle nagusitzat finkatzeko, batetik, eta eta marka-irudi berriaren zabalkundea, Egoinen unibertso grafiko osoa zurez apainduz, logotipotik eta webgunetik seinaletikaraino eta ibilgailuetaraino.
Azokan, halaber, taldeak jendaurrean aurkeztuko ditu aurtengo bere azken eraikuntza-proiektuak, hala nola, Lugoko Impulso Verde eraikina ??Europako hirigintza jasangarriko proiekturik handienetakoa, Espainiako lehen auzo bioklimatiko eta ekojasangarriaren abiapuntua??, eta Madrilgo IFEMA azoka-eremuaren barruko 10. Pabilioiko D405 Standean duen espaziotik egingo du.
Horrez gain, azken aldian sustatzen lagundu duen beste proiektu nabarmen batzuk erakutsiko ditu, hala nola, Cornellà de Llobregateko (Bartzelona) Pisa eraikina, FAD sari bat irabazi duena, edota Gironako 6×6 etxebizitza-blokea, berrikitan Europar Batasunaren Mies van der Rohe 2022 Arkitektura Garaikideko Sarirako izendatu dena, baita egun garatzen diharduen beste proiektu batzuk ere, Gipuzkoan ekonomia berde eta jasangarria bultzazea xede duen Naturklimaren Donostiako egoitza berria, kasu.