Egoinek bere zigilua jarriko du Malagako Katedraleko zurezko estalki berrian

  • Euskal enpresak Hermanos Campano ABEEarekin eta ORP Taldearekin batera lan egingo du egungo gangen gainean zurezko estalkia eraikitzeko, eraikineko ur-iragazketak kentzearren
  • Zurezko egituraren muntaketa 2024ko ekainaren hasieran abiatu eta azaroaren amaieran bukatuko da aurreikuspenen arabera

Egoin Wood Groupek, zurezko eraikuntza industrializatuan espezializatutako enpresak, Malagako Katedraleko estalki berria Hermanos Campano ABEEarekin eta ORP taldearekin batera eraikitzeko kontratua sinatu berri du. Juan Manuel Sánchez La Chica eta Adolfo de la Torre Prieto arkitektoak buru, obra honen bidez, zurezko estalkia eraikiko da egun dauden gangen gainean, Ventura Rodríguezek 1764an egindako proiektuari jarraiki.

Katedral osoa estaltzea da helburua, euri-uren iragazketek eragiten dituzten eraikinaren kalteko arazoak konpontzeko. Estalkia arkitektoaren jatorrizko diseinuan aurreikusita zegoen, baina ez zen eraiki duela bi mende eta erdi egin arrazoi ekonomikoengatik.

Orain, Malagako Gotzaindegiak indarrak batu ditu, Andaluziako Junta, Malagako Udala, Malagako Diputazio Probintziala eta Unicaja Banku Fundazioaren kofinantzaketari esker, 242 urteren ondoren bi isuriko estalkia eraikitzeko.

Lanak hasita daude jadanik, 17 milioi euroko inbertsioa tarteko, eta ekainaren hasieran zurezko egituraren muntatzeari ekingo diote. Aurtengo azaroaren amaierarako teilatuko lanak bukatuta egongo dira aurreikuspenen arabera.

Zura, Katedrala ‘babesteko’

Proiektua guztiz berezia da hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, jarraipena emango dio duela zenbait mende hasi eta Malagako hiriko kultura-ondarearen eta iruditeria kolektiboaren osagai bihurtu den obrari.

Bestalde, maila teknikoan, Iñigo Blanco Egoinen Andaluziako arduradun teknikoak azaldu duenez, “konpondu beharreko alderdi konplexuak utzi ditu agerian, hala nola, tamaina handiko zertxak altuera handian jartzeko beharra, ondarezko eraikin honen aldez aurreko osagaiak errespetatzea, zur hutsezko elementuekin suarekiko erresistentzia handia bermatzea eta zailtasunik falta izan ez duen muntaketa-prozesua”

Zurezko estalkiak 3.600 metro koadroko guztizko azalera du eta Egoinek Euskadiko ziurtatutako basoetatik ateratako intsinis pinuaren 1.4000 metro kubiko inguru erabiliko ditu estalkia eta egiturako osagai guztiak egiteko.

Era berean, zurezko eraikuntza industrializatuan espezializatutako enpresa arduratuko da obra zurkaizteko behar diren beste osagai batzuk fabrikatu eta muntatzeaz, hala nola, 37 metro zabal eta 8 metro luze dituzten zur laminatuzko zertxak eta pinu-frisoz egindako estalkiko sandwicha, baita isolamendua eta iragazgaiztea, eta multzo osoaren egitura arineko itxiturak ere.

“Ohore eta erantzukizun handia da guretzat proiektu honetan parte hartzea, izan ere, jarduketa honek, katedralak –Europako kulturaren identitate-ikur ezagunenetako bat– eraiki zituzten hargin, arotz, errementari, arkitekto eta abarren kide izateko aukera eman digu”, azaldu du Unai Agirre Egoin Wood Groupeko CEOak.